Les Grandes Personnes Tailerra

GURE MUSIKARI HANDIAK EusGURE MUSIKARI HANDIAK Eus

MAURIZIA, LEON ETA FASIO MUSIKARIAK MARIONETA ERRALDOI BIHURTUKO DIRA

GURE MUSIKARI HANDIAK egitasmoari Arratia bailaran emango diote hasiera.

GURE MUSIKARI HANDIAK egitasmoa OREKA TX musika taldea eta LEKEITIOKO KALE ANTZERKI NAZIOARTEKO JAIALDIAREN ekimena da. Herri musikagintzan izan diren musikari handiak marioneta erraldoi bilakatzea du helburua. Marioneta horiek kale-ikuskizun handi baten partaideak izango dira. Sormen horretan arestian aipatu ditugun bi erakundeez gain, Josu Camarak (KUKUBILTXO antzerki taldeak) hartuko du parte.

GURE MUSIKARI HANDIAK egitasmoaren aurreneko urratsa Arratia bailaran izango da eta MAURIZIA, LEON eta FASIO herri-musikari historikoak marioneta erraldoi bihurtuko ditu. Marioneten eraikuntza burutzeko Frantziako GRANDES PERSONNES izeneko taldea gonbidatu dugu. Talde honek marionetagintzan eskarmentu handia du eta haren marioneta erraldoiak ibiltzen dira arrakasta handiz nahiz Europan nahiz Afrikan zehar.

GRANDES PERSONNES talde frantziarraren tailerra Areatzan izango da azaroaren 1etik 10era. Tailer horretan Arratiako bailarako jendea gonbidatuta dago. Ez da baldintza berezirik bete behar, marioneta eraikuntzan parte hartzeko gogoa baino ez. Eskulan errazak dira gehienbat jardunaren lana. Hamar egun horietan MAURIZIA, LEON eta FASIO (Arratiako trikitixa) panpin erraldoi bihurtuko dituzte, burdinak, oihalak eta paperak erabiliz. Beraz, herriko jendearen parte hartzea ezinbestekoa da marioneta erraldoiak burutzeko. Esku hartzea doan da.

Tailerretan parte hartzeko Areatzako udalean eman behar da izena. Tailerrak goizean eta arratsaldez izango dira eta 16 urtetik gorako edozein herritarrek parte har dezake. Umeek ere parte hartu ahal izango dute, euren gurasoekin batera joaten badira.

Tailerraren emaitza kaleratuko da. Azaroaren 10an, igandearekin, kalejira bat antolatuko dugu Areatzan zehar marioneta erraldoiekin.

Arratiako patrimonioa da eta tailerraren emaitzak bailaran landu eta gordeko dira.

Hiru musikari handi hauen marionetak, gure herrietako jaietan edota beste kultur ekintzatan erabili ahal izango ditugu.  Tailerra bukatu ondoren, hurrengo pausoa  ARRATIAKO MUSIKA eskolarekin elkarlana bideratzea izango da, gure neurriko kale ikuskizuna sortuz, Arratiako  musika ikasleekin.

Areatza, Artea eta Igorreko udalek antolatu dute Grandes Personnes talde frantziarraren tailerra.

Egitasmo hau aurrera eramateko Arratiako hiru udalen laguntzaz gain, Bilboko Frantziako Institutuaren laguntza ere jaso dugu.

GURE MUSIKARI HANDIAK egitasmoak baditu beste musikari handi batzuk marioneta erraldoi bihurtzeko asmoa. Datorren urtean, bi txalapartari historiko ditu ikusmiran. PELLO ZUAZNABAR ETA RAMON GOIKOETXEA txalapartariak, Arratiako trikitixa bezalaxe, kalera irtengo dira panpin erraldoi bilakaturik. Bi herri-musikari hauen eraikuntza Gipuzkoan burutuko da, bata Lasartekoa eta bestea Astigarragakoa delako.

Panpin erraldoi guztiak bukatu ondoren, Oreka Tx musika taldeak eta Kukubiltxo antzerki taldeak kale-ikuskizun bat zuzenduko dute eta uztailean, Lekeitioko Kale-Antzerki Nazioarteko Jaialdiaren 25. edizioan estreinatuko da.

AUPA MAURIZIA! gure patrimonioa den Arratiako Trikitixa berreskuratu eta eguneratuko da.

 

ARRATIAKO TAILERRA

Xedea: MAURIZIA, LEON eta FASIO herri-musikariak marioneta erraldoi bihurtzea.

Nork gidatu: Grandes Personnes (Frantzia)

Norentzat: sarrera libre eta doan, eskulanak gustuko dituen edonorentzat (16 urtetik gora). Umeek gurasoekin batera hartu behar dute esku.

Non: Areatza herrian. Gazte Lekuko geletan.

Noiz: azaroaren 1etik 10era, goizez eta arratsaldez (malgutasunez, norberak erabakitzen du noiz parte hartu). Goizean 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldean 16:00etatik 20:00etara.

Parte hartzeko: izena eman behar da Areatzako udalean. Telefonoa: 94 673 9400

Antolatzaileak: Areatza, Igorre eta Arteako udalak.

Laguntzailea: Frantziako Institutua.

Sustatzaileak: Oreka Tx, Lekeitioko Kale-Antzerki Nazioarteko Jaialdia eta Kukubiltxo.

GURE MUSIKARI HANDIAK. AUPA MAURIZIA!

Ideiaren sortzaileak: Oreka Tx eta Lekeitioko Kale-Antzerki Nazioarteko Jaialdia

Ekoizleak: Oreka Tx (musika taldea), Lekeitioko Kale-Antzerki Nazioarteko Jaialdia (kale-arteen nazioarteko topaketa) eta Kukubiltxo (antzerki konpainia)

Talde gonbidatua: Grandes Personnes (Frantzia)

Arratiako Tailerren antolatzaileak: Areatza, Igorre eta Arteako udalak.

Laguntzailea: Frantziako Institutua.

Estreinaldia: Lekeition, uztailaren 13an.

Advertisements

Recent Posts

  1. Leon musikariaren azken alboka. LB sinadurak adierazten duen bezalaxe. Arratiako Tailerrean eredu erabiltzen ari gara. Leave a reply
  2. Buztinezko Maurizia, marioneta erraldoia burutzeko eredua Leave a reply
  3. Aupa Maurizia! Leave a reply